1. Oharrak eta datu orokorrak
Estatistikazko kapitulu honetan barrena, Ararteko erakundearen jardueraren ikuspegi orokorra eskaintzen ahaleginduko gara, zifratan. Horrela, erakundeari bide ezberdinak erabiliz egin dizkioten kexei buruzko datuak bereiziko ditugu, baita zuzeneko arretarako hiru bulegoen jarduera ere, euskal herri-administrazio bakoitzari dagozkion kexen gaineko datuak bilduko ditugu, eta horiek lurraldeen arabera nola banatuta dauden eta prozeduraren zein fasetan dauden adieraziko dugu.
Era berean, euskal herri-administrazioak Arartekoarekin lankidetzan zenbateraino aritu diren jakiteko informazioa ematen da.
Kapitulu honetan beste atal bat sartu dugu, alegia, Arartekora etortzen diren pertsonen profilari buruzkoa, baita inkestetan gure lanaz ematen diguten iritzia ere.
Laburbilduz, informazio sistematizatu horren bidez, kapitulu honetan 2016ko jarduerari buruzko informazio kuantitatibo guztia agertzen da.
Arartekoak garrantzizkotzat jotzen du jardueren kontzeptu zabalaren barruan bi alderdiok ikusaraztea: batetik, herritarren erreklamazioen esparruan egiten duen lana, hau da, kexak eta aholkularitza hainbat modalitatetan, eta, bestetik, bestelako jarduerak, politika publikoak ebaluatzeko egiten direnak, eta, beraz, Arartekoan eskuarki planteatzen diren kasu konkretuez harago doazenak.
Horretarako, hainbat tresna erabiltzen dira, denak ere Arartekoaren lan-arlo bakoitzaren urteko jarduera-planean egituratuak: bilerak administrazioekin, bilerak gizarte zibileko elkarteekin eta erakundeekin, ikuskapen-bisitak eta ofiziozko jarduerak.
Arartekoak 2016an egin duen jardueraren zenbakizko gutxi gorabeherako datuak estatistikari eskainitako kapitulu honetan kontsulta daitezke.
Arartekoaren web orrialdea sendotu egin da euskal herritarrei informatzeko eta haiekin harremanetan egoteko bide bezala; horren erakusgarri, aurten 100.000 bisita jaso dira, 193.000 orrialde ikusi dira eta 70.000 erabiltzaile inguru izan dira.
Era berean, Ararteko erakundearen presentzia indartu da gizarte-sareetan; horixe egiaztatzen dute, txosten hau ixteko datan, Googleen 400.000 bilaketa-emaitza izateak, Twitterren 4.200 jarraitzaile, eta Facebookeko orrian (2014an zabaldutakoa) 685 pertsonak jarraitzea Arartekoari.
Oro har, 2016an, herritarrentzako laguntzarekin eta administrazioen kontrolarekin lotutako 10.958 jarduera zenbatu dira eta horietatik 8.171 kexa eta kontsultei dagozkie. Beraz, 2016an Arartekoaren jarduera ia %23 gehitu da.
2016an herritarrek 8.171 kexa eta kontsulta egin dizkiote Arartekoari eta ofiziozko 34 espediente bideratzen hasi gara. Informazio horretatik ondorio hau atera daiteke: 2010. urtearen aldean –orduan ikusten hasi ziren krisiaren ondoriorik larrienak herritarren kexak %70 gehitu direla, arrazoi askorengatik, baina batez ere eduki ekonomikoko gizarte laguntzen gaineko kexak izugarri areagotu direlako.
2016. urtean, informazioa eta orientabidea eskatzeko egin diren 2.598 telefono-kontsultari erantzun diegu eta 97 bilera egin ditugu era askotako gizarte-erakundeekin (horien gaineko xehetasunak urteko txostenaren V. kapituluan kontsulta daitezke, gizartearekiko harremanei buruzkoa baita). Era berean, 78 bilera egin ditugu zenbait administraziorekin: Eusko Jaurlaritzaren sail eta zuzendaritzekin, aldundiekin, udalekin eta beste erakunde batzuekin.
Ikuskatzeko 5 bisita ere egin ditugu. Horien bitartez, funtzionamendua, baliabideak, kudeaketa-programa, Arartekoaren gomendioak zenbateraino betetzen diren, eta abar ebaluatu dugu Getxoko ertzain-etxean, Amorebieta eta Portugaleteko Udaltzaingoetan eta Bilbo eta Gasteizko familia-elkarguneetan.
Gainera, eraginkortasunez parte hartu dugu era guztietako ekitaldi, jardunaldi eta gertakizunetan, batik bat administrazioek eta gizarte-erakundeek sustaturiko ekimenekin loturikoetan (iaz, guztira, horrelako 96 jardueratan esku hartu genuen); horrek guztiak ematen du halako arrasto bat Arartekoak, batez ere erakundea osatzen duten 29 lan-arloetako arduradunen ekimenez, egiten dituen jarduera ugari eta askotarikoen inguruan. Esku-hartze horien zehaztapen handiagoa II. eta III. kapituluetan ematen da, arlo horietako urteko jarduera-plana azaltzean.
2016an kexa idatzien gaineko 1.652 espediente ebatzi dira. Gainera, 1.299 ebazpen eman dira. Gainontzeko kasuak gerora onartu ez diren kexak dira (beste herriaren defendatzaile batzuekiko bikoiztasuna, epailearen ebazpenaren zain dauden auziak, epai irmoa dutenak, auzibideari ekin diotenak eta abar).
Kexa-prozedurek batez beste 69 egun iraun dute 2016an. Beraz, epeak nabarmen laburtzen ari dira urtetik urtera.
Iaz, kexa eragin zuen administrazioaren jarduera aztertu eta gero, jarduera okerren bat zegoela iritzi diogu azterturiko kexa idatzien %46tan (zertxobait hazi da 2015ekoaren aldean, ordukoa %43koa izan baitzen), eta jarduera ez zela okerra kexen %52 baino gehiagotan.
Eragindako administrazioak kexa sorrarazi zuen jarduera zuzendu eta aldatu du kasuetatik %93tan. Gehienetan ez da gomendio formalik egin behar izan administrazioak Arartekoaren proposamena onartzeko. Datu horrek argi erakusten du, berez, Arartekoaren esku-hartzea oso eraginkorra dela.
1. taula.
Ararteko erakundearen esku-hartzearen eraginkortasun-maila
% | % | |
Konpondutako jarduera okerra | 93,04 | |
Gomendiorik gabe | 95,94 | |
Gomendio onartua | 4,06 | |
Konpondu gabeko jarduera okerra | 6,96 |